Groseko Indarra Surf Club

Kluba – Historia

Groseko Indarra izena udako arratsalde batean sortu zen, Groseko hondartzako muro zaharrean. Egun hartan ez zen olaturik egongo seguru aski, eta hortxe elkartu ziren surflari mitiko batzuk itsasoa lau-laua egonda zer egin ote zezaketen asmatu nahian. Klub bat, talde bat, banda bat edo antzeko zerbait osatzea bururatu zitzaien orduan. Juanpe Sansinenea, Rene eta besteren bat zegoen tartean. Juanpek esan zuen Groseko muturraren indarra eta euskal indarra irudikatzen zuen izenen bat aukeratu behar zutela. “Eusko Indarra” izeneko batailoi batean ibilia zen bere aitona 36ko Gerran, eta hortik sortu zen “Groseko Indarra” izena. ESKERRIK ASKO IZENAGATIK!!!!!

Izena handik gutxira ofizialdu zen, Groseko hondartzan txapelketa bat antolatu eta “Groseko Indarra” izena jarri ziotenean. Gabi Lasa “Gabilan”, Iñigo Iraola “Ambi” eta Alfonso Azketa “Txontxo” izan ziren antolatzaileak Zuetako gehienentzat ezezagunak izango dira izen horiek, baina surflari horiek orrialde ugari eta bikainak idatziak dauzkate Donostiako surfaren historian.

Beranduago, 2000. urtean elkartea ofizialki sortu zuten Jesus Jimenez, Carlos Marichalar, Julen Larrañaga eta Haritz Mendiluzek. Helburua, guztion gozamenerako elkarte bat sortzea zen, Donostiako surflarientzat bilgune bat sortuz eta surfaren alderdi ezberdinak sustatuz. Urteak aurrera joan ahala bazkide kopurua handitzen eta elkarteak eskaintzen zituen zerbitzuak hedatzen joan ziren. Surflariak aldatzeko eta hauen materiala gordetzeko hondartzan instalakuntzak lortu ziren, surf eskola sortu zen eta nazioarte mailako txapelketak antolatzen hasi ziren. 2013an belaunaldi aldaketa eman zen elkartearen kudeaketan, Jon Mikel Zubeldia, Edgar de Pedro eta Lander Irazabalbeitiak sorturiko zuzendaritza taldearen eskutik. Ordutik hona, elkarte bezala hazten jarraitu dugu eta gaur egun 300 bazkide inguru gara. 2015ean berrituriko instalakuntza modernoetaz gozatzen dugu, surf eskola erreferente bat bihurtu da Donostian eta horren txoko berezia eskaintzen duen txiringito – taberna kudeatzen dugu. Guzti hau Zurriolako hondartzan, hondarrean bertan, Sagueseko izkinan. Sekulako luxua!!

Gure klubak ibilbide laburra duen arren, arrakasta handiak lortu ditu txapelketetan, eta maila handiko surflari eta bodyboarder-ak ditugu gure artean, hala nola, Joserra Martínez, Marta Huércanos, Norman Landa, Haritz Mendiluze, Julen Larrañaga, Agurtzane Otegi, Iñigo Ganzarain, Lander Irazabalbeitia, Iñaki Gorospe, Beñat Elosua, Borja Gainzarain, Borja Agote, Ethan eta Julen Egiguren…

“GURE INDARRA BATUZ, GROSEKO INDARRA BULTZATUZ”

Bazkide egin

Elkarteko bazkide izateko eta gure instalazioez gozatu ahal izateko eskaera handia da eta azken urteetan areagotu egin da. Honegatik, une honetan bazkide kopuru mugatua dago eta kide izateko itxaron zerrenda bat dugu. Oraingoz itxaron zerrenda itxirik dago ordea.

Instalakuntzak

Saguesen, Zurriola hondartzarako sarrera malda ondoan gaude, hondartzan bertan. Taula hartu eta uretara jauzi egiteko prest.

2015ean berrituriko instalakuntza modernoetaz gozatzen dugu. Orain lokal handiago eta eguneratuago bat dugu gure bazkide eta bezero guztien beharrei erantzuteko prest.